2Begiekin |
BEGIRATZEKO BEGI BI BAINO EZ DIRA BEHAR... BAKARRAREKIN, BAINA, BEGIRA GENEZAKE. |
Berriz ere beroa.
Hiri honetako biztanleak asfaltoak isuritako lurrunaz zizelkatuta daude.
Zuhaitzek aspaldi ez dute hoola-hoola dantzarik egiten.
Gerizpeak klandestinitatera kondenatu dituzte eta nik ez dakit nora ihes egin.
Kale bazterreko andraren aurpegiak lurraren pitzadura du…
Edo akordeoi zaharraren sabela
Euro bat eman diot ta milaka urtetako egarria duen lursailak ura xurgatuko lukeen lez eraman du.
Ez dut hemen egon nahi.
Itsasoa milaka miliatara dago
itotzen ari naiz
bihar arte hegaldirik ez dago.
Bihar artekoan hiltzen banaiz
gera bedi argi:
ez nuen hemen hil nahi.
Hego haizea inguruka dabilkit;
Hesian.
Moises baizina zatoz haize guztiak uxatuz.
Kapela buruan ta etorri barrura.
“Haizeak eraman ez nazan”, aitzakitu duzu.
Eztanda egin du barruak,
munstroa itzartu da eta bazka nahi du.
Besarkada estua eta beroa, sarrerakoa.
“Izoztu dezagun denbora”
ta bizitza osoa berton emango bagenu?
Barre egin dut eta txotxolokeriren bat erantzun.
Erasokor dator beroa
Barrutik irten gura ez, eta ez dago amatatzerik.
Eta estuago eusteko eskatzen didazunez
gerria oratu dizut.
Izterreratzen hasi naizenean barre egiten duzu;
beroa sugetzar bilakatzen ari da.
Utzion, diostazu
Utzi diot kiskal gaitzan
Irribarre egin duzunean jabetu naiz suaz
Zureaz
Nireaz
Gureaz
Sugea orkatiletik gora
Belaunetara
Izterrak eta barreneko aldera
Ai!
Zer?
Ezebez
Deabrukeria irribarrean
Mmmmmm
Mihi luzea
Umela
Galdu dut…. Ala irabazi?
Mundua errenditu da nirekin
Sugeak bidea jarraitu du
Zilborra zuloa al da?
Arerioa aztertzen ari da
Putz egin eta haragiak erantzun du
Sugeak haginka egin du eta jauzi barrura
Ai!
Zer?
Ezebez
Territorioak irabazten ari da
Lubakiak desegiten ari dira
Gora bidean mendi gorietan egin du sua
“berton emango dut gaua” diost.
eta berton, lurralde honetan, bandera ezarri du
martitz bilakatzen ari zait gorputza
errenditzearen ondorioak
bihotza pasatu du
eta arima
eta izpiritua.
Belarrira ailegatu da sugetzarra
Lorratzik lorratz edozeinek aurki lezake bidea
Hemen nago, diost bozak
Sentitua dut ordurako ur jarioa
Iguazu eta Niagara batu zaizkit
Mmmmm … Ai!
mmmmmmmm… Zer?
mmmmmmm…. Ezebez.
Zer?
Ai… urak bota ditut.
Metroko bagoitik irteten ikusi zintudanean Oscar Hahn-en poemagaz gogoratu nintzen.
Jarraitzeko gonbidapena zirudien pausu mantsoarekin zenbiltzan.
Eta jarraitu zintudan.
Erreza zen hasieran distantzia txikia baitzen.
Jende oldea sartu zenean, baina, hasi zen nire burruka.
Burusoil hark ez zidan pasatzen uzten,
Jaka karratuko emakumearen abiadura iñurri gaixo batek gainditzeko modukoa zen
Eskolatik atera berriak,
azken metrotik irtendakoak eta ziztu bizian hurrengoa harrapatu nahi zutenak.
Dena zen estropezu.
Labirintoaren amaierara irteterakoan taosa gailendu zitzaidan
eta orduan
ikusi zintudan.
Horixe naiz ni
Beste alde horretakoa.
Goiz batzuetan ezezagunegia egiten zaidan hori naizela esan behar diot neure buruari.
Bai, neu naiz, neu.
Ezpainak nireak dira,
begi lokartuak, musugorriak, kokotsa… nireak dira.
Ni naizen arrotzarenak.
Ezkerra eskuman duen horrena.
neu naizelako hori.
66ko bebarrua;
Umela zen harriz egindako eskailera artekoa.
“Non amaitzen zaizu lepoa?”,
ikerlari lanetan belarriaren mutur epela aurkitu nuen.
Hasierakoa, otordu hartan.
Beherago izerdiak utzitako zantzuak zure haragi beroan.
mingainaren izotz-gaineko dantza
Zelan ez ulertu Dracularen lepo-beharra?
Nik ere odola zurrupatu nahi nizun
“Horzka egin iezadazu?”.
Zelan ez bete belarrira esandako agindua?
66ko bebarru hartan ateen danbateko eta igogailuaren zarata artean
banpiro bihurtu zintudan.
Aizto bilakatu da haizea
Izoztuko nau eta beharbada bost mila urte barru norbaitek aurkituko nau oraintxe lez.
izoztua.
Metro batzuk aurrerago dagoen ezezaguna, baina, errukitu da.
Niregana dator
bizkor batean gainean sentitu dut
beso barruetan sartu nau eta estutu egin nau
ez gehiegi
ez gutxiegi
haizea, haserre, harrotu egin da.
Ezezagunak, ordea, ez nau askatu.
Eskuarekin bizkarra igurtzi dit eta nik
bular barruetan gorde dut burua.
Besarkada estu baten modukorik ez dago.
Lo egin ezazu, lo,
eta ahantz itzazu lurra iraultzen duten makinatzarren zaratak.
Lo
egin ezazu lo
norbaitek laztan gorri edo berdeak egiten dizkizun bitartean.
Lo
egin ezazu lo, sakon egin ere
kale garbiltzaileek fereka gorri eta berdeak kentzen dizkizuten bitartean.
Lo,
egin ezazu samur lo
norbaitek zure gerizpera batzen zaizunean
Lo
etzazu ametsik eten umeek txirrista gisara erabiltzen zaituztenean.
Lo
egin ezazu lo, katamixar kuxkuxeroa oin puntetan hurbiltzen zaizunean,
eta ez zaitez esnatu
bizkarra zure kontra igurtzen duenean ere.
Zarratu itzazu begiak eta egin ezazu lo,
lo sakon
lo, betiko lo.
Min hau, izozten nauen min hau inoiz azaldu izan zaidan odoluste berriztatua da.
Leitutako lurraldean ezin loratzerik eman; Hortaz, etzazue lilirik bila ipar haizea laztantzen duen eremuan.
Ni neu naizen lurraldea inbaditzen ari den min hau, hain da neu, aurre egiten ere ausartu ez naizela egiten.
Heldulekuak inoiz ez daude norberagan.
Los asideros nunca están en uno mismo.
Ka - The night´s Gambit (Iron Works - 2013)
Tindatuak 27
Photograph by AfriPics/Alamy (via Best Trips 2013 — National Geographic)
Black Forest, Germany (by youngdoo)
Dublin, Ireland (by Axiraa)
Road Compression (by Stuck in Customs)
waltz (by ewitsoe)