2Begiekin |
BEGIRATZEKO BEGI BI BAINO EZ DIRA BEHAR... BAKARRAREKIN, BAINA, BEGIRA GENEZAKE. |
Hauxe da neure eskua;
ezkerrekoa.
Erditik egiten duen arrakala hori bizitzaren marra dut.
Dagokidan eternitatea bezain luzea da.
Mutur batean hasi zen,
beste muturrean amaituko da.
Sigisagan doakit lerroa,
bizitza lez.
Une batzuetan sakonago
besteetan, aldiz,
sakonegi.
Bazterreko marrak utzitako zidorrak dira.
Inoiz hartu nuen okerren bat
sekula zehartuko ez ditudan aukera galduak.
Aukera utziak.
Aukera ezezagunak.
Mendixkak poz uneak dira.
Asko.
Minak bezainbeste.
Ikusten duzunez elkorra dut eskua;
abegikorra eta amultsua.
Edozein gorputz irudika dezake neure esku honek.
Gustatzen zaizkio; bularrak, bizkarrak, beste eskuak…
gustatzen zaizkio; luzeerak, zabalerak eta hondamendi naturalak.
Gustatzen zaizkio; korapiloak, bustitasunak eta ilea.
Urruneko haiek atzamarrak ditut.
Bost.
Jostariak eta borrokalariak.
Eta gorago, atzazalak.
Edozein eskuk behar duen tontorra.
Tarteko arraiak iraganeko orbainak dira:
Bizikleta erorketa, saskibaloiko lesioa, boligrafoen hondarra.
Hauxe duzu
neure
eskua.
Ezkerrekoa.